PROIEKTUAREN XEDE OROKORRAK

-Baratze-Lorategi bat sortzea, non hezkuntza komunitateko eragile guztiak hartuko baitute parte (ikasleak, irakasleak, familiak, udaletxeko langileak...).

-Eskolabaratzea ikasgela bihurtzea. Hau da, zientzia, teknologia, ingenieritza, artea, matematika, gizarte, gastronomia, kultura eta abarrei buruzko ezagutzak bereganatzeko gunea bilakatzea.

-Esperientziak eta balio etikoak, giza balioak, ingurumenekoak, balio osasungarriak eta abar partekatzea.

  • -Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, arreta berezia jarriz neska ikasleengan, etorkizuneko erronken aurrean prestakuntza egokia jaso dezaten.

Hau dena, diseinu-testuinguru praktikoan eta metodologia aktiboak erabiliz.

 

Eskolan baratzea eta lorategia izatearen arrazoiak ugariak dira, alde batetik, topaketarako lekuak dira non ikasleek elkarlanean ibiltzen diren eta bestetik, ezagutzak praktikan jartzeko eremuak eta naturaz gozatzeko tokia dira. Hau da, zehar-lerroak lantzen diren lekua da.

 

Hezkuntza herritar guztientzat baliagarria izan behar da, pertsonaren errealizazioa eta garapena lantzeko eta herritartasun aktiboa eta gizarte integrazioa lortzeko helburuarekin.

 

Curriculum-ak hezkuntzarekiko duen ikuspegia aztertuz eta umeek bereganatu behar dituzten konpetentziak kontutan izanda, ikastetxeko curriculum-ean baratza txertatzeak hauek eskuratzeko prozesuan laguntzen du. Orain dela gutxi arte agenda 21en bitartez eskola baratza izan dugu, baina curriculumean txertatua izatera heldu gabe, arrazoiak hainbat izanik. Bestalde, makina bat ikasturtetan Zientzi Hezkuntza proiektuan sartuta egon ondoren, badira bi ikasturte curriculumean txertatua daukagula. Eta proiektu honek biak uztartzeko parada egokia ematen digu.

 

Alde batetik, ikasleek ezagutzak, edo gelan ikasitakoa, egoera praktiko eta zehatzetan praktikan jartzen dutelako metodo zientifikoei dagozkien lan prozedurak aplikatuz. Bestetik, autonomiaz arazoei irtenbideak bilatzen ikasi, nortasuna eraiki eta gaitasun eta estrategia sozialak garatzen dituztelako. Beti ere, Euskaraz hitz eginez eta berbaldi gaitasuna garatuz.

 

Ez da makala ikastetxean baratze bat lantzeak dakarren erronka, gure ikastetxeak duen abantaila ordea lur eremua bertan duela da. Eta aurretik ere zenbait eredu eta baliabide ditugula: negutegia, lorategia...

 

Beraz, ortua baliabide didaktiko oso egokia dela iruditzen zaigu ikasleen garapen pertsonala eta oinarrizko konpetentziak lantzeko ahalmena ematen digulako.