Mugimendu Autonomoa garatzeko ikastetxeko ekosistema ezberdinak ingurune estimulatzaileak dira. Bertan haurrak askatasunez mugitu daitezke, nahi dutena aukeratu eta modu naturalean garatu, beren interes eta motibazioen arabera. Aniztasuna errespetatzen duten espazioak dira, haur bakoitzaren erritmo indibiduala uneoro kontuan hartzen dutenak.

Irakaslea behatzaile aktiboa da. Jakina, koordinatu egiten du eta estimulua da haurrarentzat; baina haurrak dira benetako protagonistak materialekin elkarreraginean daudenean, espazioetan zirkulatzen dutenean eta jarduerak egiten dituztenean.

Helduek espazioak behatu, berregituratu eta zaindu egiten dituzte, poliki-poliki ezartzen diren arauak errespeta daitezen. Behaketatik abiatuta, planteamenduak birformulatzen dira, eta haur bakoitzak nola laguntzen duen baloratzen da, bere unearen arabera.

Haurren autonomiari esker, halaber, heldua norbaitek behar duenean egon daiteke, eta bestelako esku-hartze puntualak egin ditzake. Horrela, ikasleen aniztasuna errespeta dezakegu, eta hain aberatsak diren ingurune horietan gertatzen diren egoerei erantzun diezaiekegu. Aldi berean, irakasleak haur bakoitzaren ezagutza handia bereganatzen du, planteamendu horrek interakzioa errazten baitu eta lotura oso indartsuak sortzeko aukera ematen baitu.

Ekosistemak garatuz eta egokituz doaz ikasturteak aurrera egin ahala, betiere ikasleen interesei eta beharrei erantzunez. Horregatik, ekosistemetan lan egiteak antolaketa handia eskatzen du, eta kalitatezko materialen bilaketa etengabea.