Ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.
Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.
Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:
-Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
-Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
-Kudeaketa arduratsu eta iraunkorra sustatzen du.
-Curriculum-berrikuntza eragiten du.
Eskolako Agenda 30 izaeraz eta helburuz planeta osorako programa da. Gure Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarrirako Euskal Ingurumen Estrategian hartutako konpromisoaren ondorioa da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak sustatzen dute programa, eta, horretarako, laguntza ekonomikoez gain, prestakuntza, material didaktikoak, aholkularitza eta ikerketa ematen dizkie ikastetxeei Ingurugela zentroen bitartez. Udalek, bestalde Tokiko Agenda 21ek ireki dituzten aukerez baliatuz, beharrezko bultzada eta lankidetza eskaintzen dizkiete ikastetxeei.
Une honetan iraunkortasuneko hezkuntza funtsezkoa da gizakion eta ingurumenaren artean bestelako harremana sustatzeko eta, ondorioz, ingurumen-krisiak gaindituko dituen etorkizuna irudikatzeko; gainera, tresna ezin hobea da ikastetxeetan curriculumaren berrikuntza eta hezkuntza-kalitatea eragiteko, baita euskal curriculum berriaren oinarrizko konpetentziak garatzeko ere. Arrazoi horiek guztiek Eskolako Agenda 30 programa hobetzeko egiten diren proposamenen garrantzia azpimarratzen dute.