NORTZUK GARA ETA NON GAUDE?
1965eko urtarrilaren 7an ireki zen Ikastola lehen aldiz, 3 eta 4 urteko 25 neska-mutilekin.
Urteetan eraikuntza ezberdinak izan ziren eskolaren egoitza. Era berean egoera ezberdinak ezagutu zituen. Parroki eskola izan zen hasieran, Alkartasuna Batxilergo-Akademia geroxeago. 1970eko hezkuntza erreformaren ondoren, ikasketen adina luzatu zen. Erreformaren ondorioz, eskolaurrea 6 urte arte, OHO 6tik 14 urte arte eta BBB-UBI 14tik 18ra ezarri zituzten.
1979-80 ikasturtean hasi ziren Alkartasuna Lizeo berrian klaseak ematen. Alkartasuna Lizeoko Kooperatibako Ikastolek 1289 ikasle zituzten une hartan.
1993ko maiatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoan sartzearen aldeko aukera egin zuen kooperatibak, guraso zein irakasle bazkideek, botoen bidez, publifikatzearen aldeko hautua egin zutelako. Prozesu luze eta gatazkatsua pasa ondoren, ikastolako guraso eta irakasleak bi taldetan banatu ziren, gehiengoak Alkartasuna Lizeoaren aldeko erronka eginez. Publifikazioa, 1997ko ekainaren 15ean burutu zen.
Eskualdeko eskola mapa kontuan izanik, Alkartasuna Lizeoa (batxilergoa) eta Txindoki institutuak, bateratze prozesua abian jarri zuten, 1998an Txindoki Alkartasuna Institutua sortuz. Aldi berean Alkartasuna Lizeoko eraikuntzan bi ikastetxe eratu ziren, batetik Alkartasuna Lizeoa DBH eta bestetik Alkartasuna Lizeoa HLHI.
2010. urtean Hezkuntza Sailak herriko DBH-k fusionatzen ditu dekretuen bitartez, ibilbide luze ostean sortzen da Beasaingo Institutu Publikoa. Era honetan Alkartasuna Lizeo HLHI ikastetxe autonomo modura funtzionatzen hasten da 2010. urtetik aurrera.
Gaur egun Alkartasuna HLHI-k 2 urtetik 12 urtera bitarteko 500 ikasle inguru biltzen ditu.